
Udazken koloreekin janzten
lierni elortza
Uda betean, uztailaren 23ko feriaren berri eman genuenetik, produktuen panorama ederki aldatu da; edo aberastu esanda hobe. Produktu berri asko gehitu behar zaio orduko zerrendari; barazkitan berenjena, azalorea, babarrun beltzak, eskarolak, kalabaza, tomate klase berriak. Frutetan, berriz, pikuak, sagar eta udare mota berriak, hurra.
Atzokoan berriz iraileko lehenean Legorretan Juan Madinak bildutako muxikak ikusi genituen, kanpotik hain dotoreak ez badaude ere, «euriak eragindakoak dira ttanta beltz horiek», gustuz bikainak daude.
Udazkeneko ukitua ere bazuen, lehen gaztainak ekarri zituen Mikel Lasak: «Hauek Oiartzungoak dira, eta datorren astean nire herrikoak ekarriko ditut, Hernanikoak», aipatu zuen.
Onddo dotoreen ondoan aurkeztu zituen lehen hauek. Hemengo ezer gutxi dago oraindik; hiru bat kilo kontatu genituen feriako postu ezberdinetan zeudenak batuz, kanpokoak, «Frantziatik ekarritakoak», 60 kilo baziren. Felix Barzina ere hasi da berriz ere etortzen eta 30 kilo onddo eskaintzen zituen atzokoan, 18-26 euro artean. Hauek eta ziza horiak zeuden atzokoan eta bilatzaileak adi-adi hemengoak noiz hasiko diren zain.
Loretan ere ederki aldatu dira kontuak, uztailean oraindik ere balkoiak eta jardinak nola dotoretu pentsatzen ari ginen geranio, huntza (hiedra), petunia, surfinia eta abar erosiz. Orain barruko eta udazken-neguko loreak aukeratzen hasi dira bezeroak hala beharrez.
Eskaintza astero-astero zabaltzen; Azanza lore etxekoek ekarri zituzten atzo azken urte hauetan hain modan jarri diren ziklamenak, lehenak 5,50ean salgai lore pote eta guzti. Begonia mota ezberdinak, kolioak eta azaleak ere salgai dira.
Alacantetik ekarri dituzten lehen mandarinak atzo 3,50 euroan kiloko zeuden salgai.
Datorren astean urteko sona handieneko azoka izango da. Gazta lehiaketan zenbat artzainek beren urteko salmenten garantia jokatzen dute. Duen ospeak astero bizirik feria hau mantentzen dutenen alde ere joka dezala.
############
Tailerra
Pentsamendu positiboari buruzko tailerrak
ORDIZIA, Ordiziako Barrena kultur etxean - 2008-11-25
Hitzaldia
'Gizonak genero indarkeriaren aurrean, non eta nola?' hitzaldia
ORDIZIA, Ordiziako Barrena kultur etxean - 2008-12-03
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.