
Errugbia ðð Etxeko jokalarien oinarriari eutsiz, eta atzerriko jokalarien joan-etorriak tarteko, irailaren 14an ekingo dio ligari Ampo Ordiziak El Salvador taldearen aurka. Kirol zuzendari profesionala izango du aurten taldeak.
Erronka berrien urtea
iñaki gurrutxaga
Ez zuen ederki pasa iazko denboraldian Ampo Ordizia taldeak. Azken jardunaldira arte hortzak estututa aritu behar izan zuten jokalari, entrenatzaile eta zaleek taldeak beste urtebetez Espainiako Ohorezko Mailako ligan jarrai zezan. Azken hiru partidak irabazi behar zituzten derrigorrean (tartean El Salvador ahaltsua zuten), eta halaxe egin zuten. Mailari eusteaz gain, seigarren bukatu zuten ligan azkenean, eta urte gorabeheratsuari bukaera dotorea eman zioten Trebijanon, dozenaka zaleren aurrean.
Maiatzeko kontuak dira horiek. Iazko denboraldiaren hasieran Axio Araña lehen taldeko entrenatzaileak esan zuen taldea indartzeko fitxaketekin berandu ibili zirela, eta fitxaketekin asmatu arren, jokalariek taldera egokitzeko behar duten denborarekin eta beste zenbait faktorek eraginda, denboraldi erdia baino gehiago sailkapenaren zuloan pasa zuten.
Espainiako eta Euskal Herriko errugbi maila Europako beste zenbait herrialdetakoa baino apalagoa izan arren, Espainiako liga gorenean aritzeak egitura sendoa izatea eskatzen zion klubari, eta denboraldia bukatu berritan ekin zioten berregituraketari.
Hausnarketaren ondorio
Atsedenerako tarte gutxi hartu zuten klubaren zuzendaritzako kideek eta haren bueltan aritzen den laguntzaile taldeak. Ekaina eta uztaila bitartean egin zituzten jardunaldietan klubaren batzordeak sendotu zituzten, eta kirol arloari bultzada eman behar zitzaiola ikusi zuten. Hausnarketa horren ondorioz ailegatu zen abuztu hasieran Ordiziara Jim Dixon kirol zuzendaria. Klubaren talde guztien irizpideak bateratzea izango da bere lanetako bat. Ordiziara etortzea beretzat «erronka» dela dio, eta bertan daraman denboran «gustura» sentitu dela.
Liga hasiera irailaren 14an
Dixonen aurretik heldu ziren James Watkins eta Tom Parker britainiarrak, eta abuztuaren erdialdean Zeelanda Berriko Phil Huxford eta Cameron Gray. Azken bien herkide Willian Whitek beste urtebeterako sinatu du. Aurten garaiz iritsi dira fitxaketak.
Baina joan ere egin dira. Iaz aritu ziren bost atzerritarrek taldea utzi dute, eta lau urtean Ordizian izan diren bi eibartarrek ere bai, Isasik eta Abanzalegik. Abuztuko bigarren hamabostaldian ekin zion taldeak entrenatzeari, eta lagunarteko partida bat ere jokatu dute. Lehen erronka irailaren 14an dute, etxean, El Salvadorren aurka.
############
Ampo Ordizia
Irailaren 14an ekingo dio Ampo Ordiziak 2008-09 denboraldiari. Taldean aldaketak izan dira.
Taldera etorri direnak
James Watkins. 22 urte, 1,91ko garaiera eta 106 kilo. Galeskoa da eta hirugarren lerroan aritzen da.
Tom Parker. 25 urte, 1,98ko garaiera eta 112 kilo. Ingelesa da eta bigarren lerroan jokatzen du.
Kieran Cooney. 24 urte, 1,83ko altuera eta 114 kilo. Harroina da.
Phil Huxford. 27 urte, 1,78ko garaiera eta 84 kilo. Zeelanda Berrikoa da eta hegalean jokatzen du.
Cameron Gray. 25 urte, 1,78ko altuera eta 86 kilo. Zeelanda Berrikoa da eta joko-zabaltzailea da.
Jim Dixon. Kirol zuzendaria.
Taldea utzi dutenak
Igor Isasi. Lesio bat dela medio errugbia utzi , eta Arrasate Rugby taldearen prestatzaile fisiko eta zuzendari tekniko ariko da.
Urtzi Abanzalegi. Hendaiako Stade taldera joan da harroina.
Luke Hunter-Daffyd Rosser. Beste liga batzuk ezagutzera joan dira Galesko bi jokalariak.
Adrian West. Atzelari australiarra etxera itzuli da.
Adam Catchpole. Etxera itzuli da, familia arazoak direla eta.
Mark Braidwood. Ingalaterrako ligara itzuli da hirugarren lerrokoa.
############
############
SOSLAIA
Jim Dixon
Ampo Ordiziaren kirol zuzendari berria
Ordizia Rugby Elkarteak ekainean eta uztailean izan zuen barne hausnarketaren ondorio da Jim Dixon kirol zuzendariaren fitxaketa. Klubak maila ezberdinetan dituen taldeen irizpideak bateratzea da bere zereginetako bat. Zeelanda Berrikoa da, eta Kirol Heziketan lizentziaduna. Azken bost urteetan Ingalaterrako Basingstoke Rubgy taldean aritu da.
############
Bilera
Ordiziako Agenda 21 Foroko bilera bidegorri sareari buruz
ORDIZIA, Ordiziako Barrena kultur etxeko batzar aretoan - 2008-12-03
Hitzaldia
'Gizonak genero indarkeriaren aurrean, non eta nola?' hitzaldia
ORDIZIA, Ordiziako Barrena kultur etxean - 2008-12-03
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.