Edukira joan

Goierriko Hitza

Ordizia
2008ko abuztuak 29, Ostirala

;2008-07-08;EUSKARA. Ordizian egin diren errenta aitorpenen laurdena pasatxo euskaraz egin dira

Ordizian egin diren errenta aitorpenen laurdena pasatxo euskaraz egin dira

Euskara Iaz baino 318 errenta-aitorpen gehiago egin dira, baina euskaraz egindakoen artean ez dago igoera nabarmenik.

iñaki gurrutxaga

Ordiziako finantza erakunde eta aholkularitzetan egin diren errenta-aitorpen guztietatik laurdena baino zertxobait gehiago (%29) euskaraz egin dira. Horixe da Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak 2007ko zerga ekitaldiari dagokion kanpaina bukatu orduko egin duen datu-bilketaren ondoren ateratako datua. Herriko sei banketxe eta gestorietan, guztira, 1.605 errenta-aitorpen bideratu dituzte, eta horietatik 466 (%29) egin dira euskaraz, Euskara Zerbitzuak jakitera eman duenez.

Iaz aldean gehixeago

Iazko eta aurtengo datuak alderatuta, zertxobait gehiago igo da errenta-aitorpena euskaraz egiteko erabakia hartu duten Ordiziako zergadunen kopurua, puntu portzentual bat pasatxo. Iaz, errenta-aitorpenen %27,66 egin ziren euskaraz banketxe eta gestorietan.

«2004an hasi ginen Udalean datuak jasotzen, eta zenbaki absolutuei dagokionez, alde handia sumatu dugu aurten: 2007an, 1.287 errenta-aitorpen egin ziren Ordizian, eta aurten, berriz, 1.605, iaz baino 318 gehiago. Datu absolutuetan jauzi handia da», nabarmendu du Belen Maiza Euskara zinegotziak. Hala ere, euskaraz egindako aitorpenei dagokienez «aldea puntu bakarrekoa» izan dela zehaztu du Maizak. «Hor ez dugu jauzi handiegirik egin».

Datuen alderaketa

Euskadiko Kutxan egin dira errenta-aitorpen gehien euskaraz (%77). Iaz %40 izan ziren. Kutxan %46 (iaz %36) eta La Caixan %20 (iaz %29). Igoera nabarmena izan da bai Euskadiko Kutxan eta baita Kutxan ere. Gestorietan Zugaztibin egin dira errenta-aitorpen gehien euskaraz: %27, iaz %17. Biok-en %16 egin dira (iaz %23), eta Rey-n (%10), iaz %16 izan ziren.

Euskara Zerbitzuaren arabera, garrantzitsua da zergadun euskaldunek bere aldetik aitorpena euskaraz betetzeko urratsak egitea, «baina era berean garrantzitsua da bankuek, kutxek eta aholkularitzek egin dezaketen lana, bitarketari lana egiten baitute partikularron eta Ogasunaren artean».

############

datua

466

Errenta aitorpen euskaraz. Ordiziako sei banketxe eta gestorietan 1.605 errenta-aitorpen bideratu dira, eta horietatik 466 (%29) egin dira euskaraz.

Banan-banan

Aitorpenak euskaraz. Euskadiko Kutxa (%76,92), Kutxa (%45,53), La Caixa (%20), Zugaztibi (%27,02), Biok (%15,76) eta Rey (%10). Denera: %29,03.

############

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.