
2008-07-25 | 15:13:07
Vladimir Karpets errusiarrak irabazi du 85. Ordiziako Klasika
Bost txirrindularik osatutako taldea ibili da ia ehun kilometrotan ihesean
Ordiziako Klasikaren 85. ekitaldiak Vladimir Karpets (Caisse d'Epargne) errusiarra izendatu du irabazle. Bost itzuliko zirkuitua osatu dute profesional maiako txirrindulariek, eta 22 kilometroren faltan jo du erasoa Karpetsek, bakarrik. Eraso, ihesaldi eta mugimendu askoko lasterketa izan da Klasika, ibilbidean bildu den jendetzaren gozamenerako. Bruno Pires portugaldarra sailkatu da Ordizian bigarren, eta Sergio Pardilla hirugarren.
Etaparen lehen zati luzeko protagonista boskote bat izan da. 25. kilometroan alde egin dute tropeletik Josu Agirrek, Oruek, Tino Zaballak, Pablo Lastrasek eta Xabier Zandiok. Ia hiru itzuli (Ordizia-Alegia-Altzo-Amezketa-Abaltzisketa-Larraitz-Zaldibia-Ordizia zirkuitua bost aldiz osatu dute) ihesean joanda gero, 116. kilometroa baino lehentxeago harrapatu du tropelak boskotea.
Caisse d’Epargne taldeak ezarri du etaparen bigarren zatian indarra eta kontrola. Tropela bateratu bezain pronto Alexei Shchebelin (Cinelli-OPD) errusiarrak salto egin du, Ordiziatik azken aldiz pasatu direnean. Ondoren 10 laguneko taldetxoak jo du aurrera (Caisse d’Epargnek hiru kide zituen han), eta Shchebelin irentsi du. Tartean ziren Vladimir Karpets, Pablo Lastras (eguneko borrokalarienaren saria eman diote) eta Jose Rujano venezuelarra Caissekoak, Jon Bru eta Ivan Velasco (Euskaltel-Euskadi).
Fruitua eman duen azkeneko erasoa, behin betikoa, Karpetsek jo du etapa bukatzeko 22 kilometro falta zirenean, ordekan, erlojupeko espezialistaren dohainak aterata. Jarraian zuen taldetxoarekiko minutuz azpiko tartea besterik ez du atera, baina nahikoa izan du errusiarrak Ordiziako helmugara bakarrik iristeko. Abaltzisketako azken igoera indartsu gauzatu du, eta Larraiztik beherako zatia eta Zaldibiatik Ordiziarako azken 10 kilometro zelaiak eroso osatu ditu.
Ordiziako Klasikak 165 kilometro eta 700 metro zituen, eta Karpets irabazleak 3 ordu, 50 minutu eta 04 segundoan osatu du (43,21 km/h-ko bataz besteko abiadura).
Sailkapen nagusian, Karpetsen atzetik Bruno Pires portugaldarra sartu da (La-MSS) 33 segundora; 3. Sergio Pardilla (Burgos Monumental) 39ra; 4. Manuel Vazquez (Contentpolis Murcia) 1:32ra; 5. Jose Rujano (Caisse d’Epargne) 1:34ra; eta 6. Jesus Buendia (C.Murcia). Segundo batera sartu da gero tropela (1:35era), Miyataka Simizu japoniarra denbora emanez.
Aurreneko euskalduna Iņigo Landaluze (Euskaltel-Euskadi) izan da. 12. postua lortu du, irabazlearengandik 1:36ra.
Iazko irabazlea, Joaquin Rodriguez (Caisse d’Epargne) 26. sailkatu da (1:36ra).
Mendiko saria Tino Zaballa (La-MSS) espainiarrak eraman du, eta tarteko helmugen saria Josu Agirrek.
Vladimir Karpets irabazleak aurten Urdaneta 500 sari berezia eskuratu du.
Etapa 73 txirrindularik bukatu dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.