Edukira joan

Goierriko Hitza

Ordizia
2008ko irailak 6, Larunbata

2008-06-06 | 18:12:51

UDALGINTZA

Majoriko auzian «Udalaren utzikeria» egon dela salatu du ezker abertzaleak

Udalkideei «ardura politikoak argitzeko» exijitu die, eta herritarrei «informazio osoa» emateko eskatu

«Gertatutakoa konfiantza arazoa izan dela esango digute, pertsona batengan konfiantza handiegia izan dutela, eta horrek huts egin duela. Baina konfiantza arazoaz haratago, arazo honen muinean Udalaren utzikeria dago». Majori kiroldegiaren kudeaketaren inguruan sortu den auziari buruz Ordiziako ezker abertzaleak egin duen irakurketaren mezu nagusia da hori. Prentsa-ohar bidez plazaratu dute haien iritzia.

Ezker abertzaleak dio ez dutela surik egin nahi eroritako arbolarekin, haien ustez, «kontua» ez delako hor bukatzen. «Majoriko gerenteak onartu du egindako lapurreta. Lanpostua galduko du, eta salaketari egin beharko dio aurre». Ezker abertzalearen iritziz, kudeatzailearen «egoera pertsonala tamalgarria» izateak, ez du galarazi behar gertatutakoa «serio aztertzea» eta «behar diren neurriak hartzea» exijitzea.

«AZALPEN PUBLIKO GARBIAK»
Majori kiroldegian gertatutakoa «erakunde publiko batean egindako lapurreta» dela adierazi du ezker abertzaleak, eta hori dela eta, «informazio osoa» emateko exijitu diote Udalari. «Diru publikoaz ari gara. Beraz, ordiziarroi azalpen publiko garbiak eman behar zaizkigu. Nola eta noiztik izan da posible hau gertatzea? Nola administratzen eta kontrolatzen dira diru sarrera eta gastuak?».

Azalpenak eskatzeaz gain, udalkideei «ardura politikoak argitzeko» eskaera egin diete. Majori kiroldegiko zuzendari-kudeatzailea zenak salaketari aurre egin beharko diola adierazi du ezker abertzaleak, baina «alkateak eta zinegotziek» duten arduraz galdera egin dute. «Nork eraman behar zuen gestioaren kontrola? Zein arduradun tekniko eta politikok huts egin du bere eginkizunean?».

«KONTROL ETA IRIZPIDERIK EZ»
Oharrak dioenez, Majoriren zerbitzuan eta kudeaketan «hainbat arazo» izan dira azken urteetan. Zerbitzu eta kalitatean «galera» egon dela, monitoreek «alde egin» dutela, «berrikuntzarik ez» dela izan, gerenteak «eskumen gehiegi» zituela, «kontrol eta irizpide politikorik ez» dela egon, «arduradun politiko aldetik utzikeria» egon dela, «arazoak» izan direla «gerentziaren eta zerbitzuen ardura zuen enpresaren artean», eta kontzesioa zuen enpresarekiko eta langileekiko «presioak» izan direla dio ezker abertzaleak.

«BAKARRIK GERATU GINEN»
«Antzemandako arazo horiei konponbidea emateko», orain hiru urte ezker abertzaleak eta orduan zerbitzua ematen zuen enpresak «zerbitzua hobetzeko, elkarlana bultzatzeko eta politikoen inplikazioa areagotzeko hainbat proposamen» egin zituztela dio oharrak. «Ez arduradun politikoek, ez Udaleko teknikariek ez zuten inolako neurririk hartzea babestu. Bakarrik geratu ginen».

Gertatutakoarekin harritu ez direnik ezin dutela esan dio ezker abertzaleak, baina EAJren, PSE-EEren eta EAren «udal gestioaren ereduak halako gauzak gertatzea posible egiten» du. Haien esanetan, EAJ «espezialista» da erakunde publikoak gestionatzeko Fundazio eta Elkarte anonimoak sortzen. Guggenheim aipatu dute, baina Ordizian ere halakorik badagoela diote: «Ordizia Lantzen, Majori Patronatua elkarte mugatu bihurtua, Oiangu parkearen esplotazioa enpresa pribatu bati eman diote...».

 

 

Jasotako erantzunak:

3

2008-06-10

Geihenarekin ados nago, udalari argibideak eskatu behar zaizkio. Gauz batekin ez nado ados, kiroldegiak azken urtean izan duen dinamismoa, bizia eta ikastaro kopurua ez da sekula Majorin egon, teknikari honek alde egingo zuten baina orain daudenak ere onak dira. Egunero noa kiroldegira eta orain dagoen giroa ez da sekula egon.

2

enee | 2008-06-09

OIANGU BIZIKI ? ez, ez, BIOLENTZIA BIZIRIK, lotsagabeak !!!!!.

1

ordiziar bat | 2008-06-07

guztiz ados idatziarekin.diru publikoarekin ezin da jolastu elkarte anonimo horiek soberan daude...Ordizia lantzen..or benetan gertatzen dena argitaratzen denean ea zer gertatzen den...

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.