
2008-06-04 | 17:23:24
Gizartea
Ostiraletik igandera bitartean motorzaleek hitzordua izango dute Ordizian
Goierriko Sugoi Klubak III. Motorzaleen Bilkura antolatu du Ordizian; 500 lagun hartzeko prestatu dira
Goierriko Sugoi Klubak III. Motorzaleen Bilkura antolatu du etzitik hasi eta ingandera bitartean. Bilkuraren zentrua Ordizia izango da baina motorzaleek Goierrin zehar karabana egiteko ere hartuko dute tarte bat. Ostiralean 17:00etan eta larunbatean 12:00etan izango dute motorzaleek izena emateko aukera. Etzitik aurrera kanpatzeko gunea, taberna eta azoka ere zabalduko dituzte, Beti Alai pilotalekuan eta bere inguruan. Ordiziakoa ez da Los Pingüinos eta Graokoa bezalako makrofesta bat, bilkura txikiago bat baizik. Baina iazko arrakasta ikusita aurten 500 lagun hartzeko prestatu dira.
Ostiraletik igandera hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute motorzaleek. Motorraren mundua ezagutzen ez dutenek ere izango dute lekua egitarauan.
Ohiko ekitaldiez gain berrikuntzak ere sartu dituzte aurten antolatzaileek. Etzi Patxi Usabiagak kamioi amerikar bat ekarriko du jendeak ikus dezan. Kamioi horiek kabina handia, mutur luzea eta potentzia handia izaten dute. Hemen oso-oso gutxitan ikusten dira horietakoak. Jose Luis Amatriain antolatzaileetako batek esan duenez «iganderako kotxe amerikar batzuk ekartzea espero dugu».
Motor jokoak urtero egiten dituzte, baina aurten joko gehiago egiteko asmoa dute: geldoen lasterketa, abarka jaurtiketa, zeinek pipermin gehiago jan, saltxitxa jokoa... Joko horietan edozein helduk parte hartu ahal izango du.
Bestalde haurrak motor mundura hurbiltzeko helburuarekin Mozorro Lehiaketa antolatu dute larunbaterako. Duela lau urte egin zuten lehen aldiz eta aurten berreskuratu egin dute. Motorzale mozorroa eraman behar dute haurrek, plastikozko motor eta guzti. Hoberenak kontutan hartuko dituzte antolatzaileek. Aurten lehen aldiz motorrak bedeinkatuko dituzte eta karpa jarriko dute frontoi kanpoan.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.