
2008-05-23 | 16:43:13
POLITIKA
Udal gestio ereduan "atzerapausu larriak" eman dira, ezker abertzaleak salatu duenez
Datorren asteartean beteko da urtea udal hauteskundeak egin zirenetik, eta balantze politikoa aurkeztu dute
Maiatzaren 27an udal eta foru hauteskundeen urteurrena beteko da, eta horren harira, Ordiziako ezker abertzalearen ordezkariek urteak eman duenaren balantze politikoa egin dute. Ordiziako Udalean «defizit demokratikoa» dagoela, gestio ereduan «atzerapauso larriak» eman direla eta ez dela «berrikuntza pizgarririk» egin, eta ezker abertzalea hauteskundeetan aurkeztu zuen programa aurrera eramaten saiatuko dela nabarmendu dute.
EAE-ANVren izenean aurkeztu eta kargua hartzeko adina boto lortu zituzten lau hautetsi baliogabeetatik hiruk aurkeztu dute urteko balantzea: Enrike Redondok, Amaia Iztuetak eta Erramun Amundarainek. Ezker abertzalearen hiru ordezkariek gogoratu dute EAE-ANV izan zela orduko alderdirik bozkatuena (1.100 boto), eta lau zinegotzi zegozkiola. «Baina Udala ez zen osatu herritarren borondatea errespetatuz, baizik eta Espainiako legalitatea inposatuz». Horren ondorioz, Ordiziako Udalak herritarrek aukeratu ez dituzten alkatea eta hiru zinegotzi dituela (EAJk, EAk eta PSE-EEk bana) salatu dute. «Udal legala, baina ez da demokratikoa».
GESTIO EREDUAN, «ATZERA»
Redondoren esanetan, urtebete honetan «atzerapauso larriak» eman dira udal gestio ereduan. «Kanpora begira irudi bat eman nahi izan dute, baina barruko funtzionamendua sekula ez bezalakoa da». Udal aldizkariarekin, prentsaurrekoekin, Majoriri buruzko inkestarekin, Hiri Hezitzailea proiektuarekin, Agenda 21ekin eta Herritarren Parte Hartzeko Batzordearekin «herritarren parte-hartzea bultzatzen, informazio osoa ematen eta gestio gardena egiten duela azaldu nahi izan du Udalak», Redondoren iritziz. Errealitatea, ordea, «oso bestelakoa» dela adierazi du.
«Haiek nahi izan dituzten hiru langile kontratatu dituzte, deialdi publikorik egin gabe, eta hainbat obratako lanak enpresa jakin bati ematen dizkiote aurrekontua beste inori eskatu gabe», zehaztu du. Majoriko kirol instalazioei buruzko inkesta egin dutela, baina Oianguko proiektuari buruz ez dutela halakorik egin salatzeaz gain, AHTri buruz «propaganda eta gezurrak besterik ez» dituztela esan nabarmendu dute. «Udal honek ez ditu osoko bilkuran aztertzen ez ezker abertzaleak ez herriko hainbat eragilek sartzen dituzten mozioak, baina haienak bai».
aitor | 2008-05-26
Ińor aipatu gabe, gogoratu diezaiogun ordiziako udalari polikiroldegian zer gertatu den, lenbailen argitu dezala!!! Nork lapurtu duen eta zenbat lapurtu duen. Mesedez ez dezagun lapurreta hau estali, ze bildur dute? Mezu honek ez du izenik aipatzen beraz bertan geratu dadilla
Administratzailea | 2008-05-26
Gai horri buruzko albisterik ez dute konfirmatu alde inplikatuek eta erakundeek. Beraz, Hitzak ezin du argitaratu norbanakoen izenik, eta ezabatu egin beharko ditu langileen erreferentziak. Barkatu eragozpenak.
Ordiziarra | 2008-05-26
Mezua Hitzarentzat: Aurreko mezua, ezabatu duzuena, udal gestioari buruzkoa zen. Ez zuen inolako irainik edo errespetu faltarik. Ez dut uste ezabatzekoa zenik
Redondo, Iztueta eta Amundarain.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.