
2008-04-23 | 17:41:54
UDALA
Upabi eremua garatu eta kudeatzeko akordioa lortu dute Udalak eta CAFek
Hasiera bateko onarpena eman diote plenoan, EAJ, PSE-EE eta EAren aldeko botoekin; EB-Aralar abstenitu egin da
Ordiziako Udalak eta CAF lantegiak Upabi eremua garatu eta kudeatzeko hirigintza-hitzarmena sinatu dute. Gaurko osoko bilkuran hitzarmen horri hasiera ematea adostu dute udal gobernua osatzeko duten hiru alderdiek: EAJ, PSE-EE eta EA. EB-Berdeak/Aralar udal taldeko bi ordezkariak abstenitu egin dira. PPko zinegotzia ez da bilkurara azaldu.
Upabi eremu horretan plan hori garatzeko arau subsidiarioetan aldaketa batzuk egin dituzte, eta hirigintza aldetik emango dituzten pausuak erregulatuta gelditu dira hitzarmen horren bidez. Akordio horren ondorioz, 4.000 metro koadroko lur aprobetxamendua geldituko da. Upabi eremua CAF lantegiaren, Guardia Zibilaren kuartelaren eta Trebijano errugbi zelaiaren artean dago.
UPABI EREMUA, BITAN ZATITUTA
Lur hori bi zatitan banatuko dute. Batean, Upabi baserriaren inguruan, berdegunea egingo dute. Bestean, Bonberiatik CAFeko lur-sail batera zubi bat egin nahi dute, eta bertan 3.100 metro koadroko lursail geldituko da. Bertan zer egingo duten zehaztu gabe dago oraindik. CAFetik N-1 errepidera doan errepide estu hori ere zabaldu egingo dute, eta N-1era sarbide berria egin.
Iban Asenjo Eusko Alkartasuneko zinegotziak Belen Maiza (EA) alkateordeak iazko abenduan CAF egiten ari zen obra bat geldiarazi zuela adierazi du plenoan, baita Ikengu Oiangun egiten ari zen obra ere. Maizak egindako lana goraipatu du alderdikideak, eta EAE-ANVko hautetsi baliogabetuek gai horren inguruan duten iritzia gutxietsi du. «CAFek bi aparkaleku galduko zituela esaten zuten. Ordiziako interesen alde baino, enpresa pribatu baten interesen alde agertu ziren. Jarrera ulertezina da hori».
Jose Migel Santamaria alkateak (EAJ) erantzun dio Asenjori, esanez beraiek iazko irailean hasi zirela CAFekin eremu horri buruz hizketan, eta ez zaiola «egokia» iruditzen hitzarmen hori Maizari esker izan dela esatea.
PSE-EE-RI ELKARTASUNA ETA AHT
Osoko bilkuraren gai ordenari ekin aurretik, Santamariak agiri bat irakurri du ETAk PSE-EEren Bilboko eta Elgoibarko egoitzen aurka egindako ekintzak gaitzesteko. «ETAk desagertu egin behar» duela zioen agiriak, eta PSE-EEko udalkideei elkartasuna adierazten dietela. Alkateak esan du udal korporazioko talde guztiek bat egiten zutela agiriarekin.
Galde-erreguen txanda ailegatu zenean, AHT egiteko nahitaezko desjabetzen aktak noiz sinatu behar dituzten eta lanak noiz hasi behar diren galdetu diote Santamariari publiko artetik. Akten inguruan esan du oraindik ez dela horrelakorik iritsi udalera, eta lanen hasieren berri Jaurlaritzako Garraio sailak emango duela.
Ez zarete ez lapurrak, ez gezurtiak | 2008-04-24
Norbaitek aurreko mezuan irainak ikusi bazituen, beste modu batera esango dut. 1.- Asenjok betetzen du herritarrek ANVri eman zioten zinegotzi kargua. 2.- Plenoak goizeko 8etan egiten dituzte, ez herritarrek, ez ANVk ezin dute beren iritzia azaldu, baina ANVri buruz aritzen dira. 3.- ANV izan zen salatu zuena obra ilegala zela. Besteek ez zekiten ezer, edo ez ikusiarena egin zuten. Ebidentzia horren aurrean obrak gelditu beste erremediorik ez zuten izan (Oiangun bezalaxe). Eta ANVren jarrera izan zen CAFek proiektua aurkeztea, Arau Subsidiarioekin alderatzea, eta baldintza jakin batzuk betez gero baimena ematea. Horixe da egia. Orain medallak jarri nahian?
TREBIJANO | 2008-04-24
Zer iritzi dauka CAFeko Komitean nagusi den LAB sindikatuak gai hontaz ta egiten ari diren AHTren gainean?
Asier | 2008-04-24
Aspaldi esan zidaten CAFek pabilioi ilegal batzuk egin zitula ordizi ta beasain arten eta Ordiziko udalak trabak ez zizkiola jarri ondoren Trevijanon eraikitzen bazon, orrela Ordizia Rugby Elkartea obligauta egongo zan altamiran eraiki duten estadio TXAPUZA erabiltzea. Nik uste hau bide hortatik dijola...
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Upabi eremua.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.