
2008-04-14 | 11:53:46
ERRUGBIA
Espainiako Kopatik kanpo gelditu da Ampo Ordizia, El Salvadorren aurka galdu eta gero
Ligako txapeldunak 23-7 irabazi dio Ampo Ordiziari; aurtengo denboraldia bukatu da ordiziarrentzat
Aurtengoz bukatu dira lehiaketa ofizialak Ampo Ordiziarentzat. Cetransa Dismeva El Salvador taldearen aurka jokatu zuen atzo Ordiziak Espainiako Kopako partida. Espainiarrak nagusi ziren aurreneko zatian, eta orduan hartutako abantailari esker partidari eustea besterik ez zuten egin behar izan. 23-7 izan zen azkeneko emaitza, eta Ampo Ordizia Espainiako Kopatik kanpo gelditu da.
Haizea alde zutela eta entsegu bat eginez ekin zion partidari El Salvadorrek. Ampo Ordiziak atzean sartu behar izan zuen, zigor kolpeak egin zituen, eta El Salvadorreko joko zabaltzaileak, Turrionek, ederki baliatu zituen aukera horiek. Uztartzeetan ere indartsuagoa aritu ziren, eta baloi bat baino gehiago berreskuratu zuten. Crende, Lerma, Hunter eta Rosser falta ziren Ordiziakoen taldean, eta hori sumatu zen bultza egiteko garaian. Crende min hartuta dago, Lerma lan kontuengatik kanpoan, eta Hunter eta Rosser galesek taldea utzi dute dagoeneko. Australiako ligan jokatu nahi dute biek datorren denboraldian.
Atsedenaldira 20-7 aurretik joan zen El Salvador. Bigarren zatian alde zuten haizea ordiziarrek, eta gogotsu atera ziren. Asmatu ordea, ez zuten asmatu, eta Abalanzategi eta Mattaruco ordiziarrak kanporatu egin zituen epaileak, eta partida txikituta utzi. Ampo Ordiziaren entrenatzaileak ez zeuden oso gustura epaileek egindako lanarekin, eta Espainiako Kopa partida bakarrera jokatzeko sistemarekin ez ziren ados agertu.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.