Eta orain, liga irabaztera

2012/04/24
Nork

Ampo Ordiziako jokalari, teknikari eta zuzendaritzako kideak, herenegun, Palentziako La Balastera estadioan, titulua ospatzen.

Asteburu ahaztezina. Gisa horretan laburbil daiteke Ampo Ordiziako jokalari, teknikari, zuzendaritzako kide, zale eta herritarrek 2012ko apirilaren 20tik 22ra bizitakoa. Ordiziako, Goierriko eta Euskal Herriko ehunka zale joan zen Palentziara Ordiziaren eta El Salvadorren arteko Espainiako Kopako finala ikustera, eta aho gozoarekin itzuli ziren denak ere. Izan ere, balentria egin zuen herenegun Ampo Ordiziak La Balastera zelaian, maldan gora jarri zitzaion partida irauli, eta historiako lehen titulua lortu zuen Ordizia Rugby Elkartearentzat. Letra larriz idatzita geratuko da apirilaren 22ko lorpena.

Euskal Herriko ia 3.000 zalek ikusi bazuten zuzenean igandeko finala, askoz ere gehiago izan ziren telebista bidez jarraitu zutenak. Ordizian bereziki. Partida nola hasi zen ikusita etsi zuenik asko izango ziren, baita amorrazioaren amorrazioaz negar egin zuenik ere, baina fedeak eta ilusioak egiten du handi Ampo Ordizia, eta hori baliatu zuten jokalariek zelaian dena eman eta tituluarekin etxera itzultzeko.

Jendetza zain Ordizian
Itzuli bai, itzuli ziren, baina nahi baino beranduago. Ongi etorria 20:30erako iragarrita bazegoen ere, 19:00ak alderako betetzen hasia zen Frai Andres ingurua taldeari harrera egiteko. Pixkanaka-pixkanaka hasiak ziren zalez betetako autobusak ailegatzen, eta egonezina ere sumatzen hasia zen zain zeudenen artean. 21:00ak pasatxo zirela iritsi zen jokalarien autobusa Gudarien Etorbidean gora. Joanes Aierbe eta Xabier Lerma kapitainak izan ziren ateratzen lehenak, Txapeldunak zioen elastiko urdina soinean eta garaikurra eskuan. Orduan lehertu zen festa Ordizian, suziri eta animo oihu artean.

Eta zale, herritar eta senideei kasu eginez egin zuten denek Plaza Nagusirainoko bidea. Kopa eta haien alabak besoetan zituztela iritsi ziren oholtzaraino bi kapitainak, atzetik segizioa zutela. Jende artean bost bat minutu pasa ondoren, oholtzara igo ziren denak jauzi eta oihu artean. Ordizi!, Ordizi! besterik ez zen aditzen.

Zalego eredugarria
Igor Eguren alkateak gidatu zuen harrera ekitaldia, eta hasiera ere berak eman zion, hiru bertso kantatuz. Honela zioen bigarrenak: Ordiziako kaleetan, izan zen aurrena/Balastera zelaian izan da hurrena/erakutsi diegu herri bat garena/edukazioarekin munduan barrena/zuek guztiona da gaur garaipena. Egurenek adierazi zuen «oso ondo tratatu» zituztela Palentzian, eta hango agintariak ere «txundituta» gelditu zirela Ordiziako zalegoarekin. «Ez zuten inondik inora espero horrelako uholderik». Antzeko hitzak izan zituen Ikerne Badiola kirol diputatuak ere.

Eta bat-batean, Phil Huxford eta Corey Simpson Zeelanda Berriko jokalariek, elastikoa kendu eta haka dantzatu zuten, denen gozamenerako eta askoren harridurarako. Ondoren, Juan Mari Gereñu kirol zinegotziak herriko aginte makila eman zien Aierberi eta Axio Araña entrenatzaileari. Biek ala biek esker hitzak izan zituzten herri guztiarentzat, eta Arañak Barricadaren No hay tregua abestiaren pasarte bat ekarri zuen gogora: «…pero cuando se aprende a llorar por algo, tambien se aprende a defenderlo…». Paul Healy kirol zuzendaria ere ausartu zen jendaurrean hitz egiten, eta taldearengatik eta herriarengatik «oso pozik» zegoela adierazi zuen. Festari bide eman zion ekitaldiaren bukaerak.

Markagailua iraultzeko gai
Baina partida bukatu ondoreneko poza ez zen partidan zehar sentitu. El Salvador bete-betean atera zen zelaira, eta 20. minuturako 3-21 zen aurretik. Goiaren entsegu batek 8-21ekoa jarri zuen gero. Aldageletan beti bezala jokatzeko agindu zieten jokalariei, eta halaxe egin zuten. Bigarren zatia hasi eta berehala Freemanek entsegua lortu zuen (15-21), eta beste bat 60.ean (20-24). 75. minutuan 27na zihoazen, eta partida bukatzear zela, Krollen drop batek eman zion garaipena taldeari.

Orain, bi asteko atsedena izango du taldeak, eta maiatzaren 6an jokatuko du Altamiran ligako finalerdia Santboianaren eta Gernikaren arteko kanporaketako irabazlearen aurka. Liga da datorren helburua, datorren ametsa.


• Ikusi harrerako bideoa eta argazki galeria


Gaurko eskaintza
argazkia
ARBIZU EKO KANPINA
69,00 €

deskontua

%50

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)

lasterketak



Gaiak

36ko gerra

hondakinak

Bereziak

gazta

bizi

etxebizitza

literatura

ezkontzak