Ilusioa, eta taldearen indarra

Estanda Ordiziako taldea.

Liga hasi zenean inor gutxik pentsatuko zukeen Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldea sailkapenean horren goian egongo zenik. Espainiako Zilarrezko mailan jokatzen du, eta lehen itzulia bukatzeko partida bakar bat falta denean, Viaxes Amarelle liderrarekin berdinduta doa sailkapen buruan, 27 punturekin. Datorren asteburuan jokatuko dute azken partida Fervenza galiziarraren aurka, eta ondoren, bigarren itzuliari ekingo diote.

Hirugarren denboraldia du taldeak maila horretan, eta orain arte lortutako emaitzen balorazio baikorra egin du Emilio Ortiz entrenatzaileak. «Denboraldi bikaina egiten ari gara, eta daukagun taldea ikusita are eta gehiago». Ligako lehen zortzi partidak errenkadan irabazi zituzten, eta Eguberri aurrean bi partida segidan galdu. Ia hilabeteko etenaren ondoren, joan den larunbatean jokatu zuten Majorin 11. jardunaldiko partida, eta 1 eta 0 irabazi zioten Kantabriako Guarnizo taldeari, Naiara Bereziartuak sartu zuen gol bati esker.

Helburua, igoera fasea
«Viaxes Amarelle liderrarekin orpoz orpo aritzea da gure helburua, eta igoera faserako sailkatzea, nahiz eta jakin erronka zaila dela. Galiziako taldeak oso sendoak dira, eta Bilboko Tecunik ere jokoa hobetuko duela uste dut». Espainiako Zilarrezko maila lau multzotan banatuta dago, eta Ordiziak aurrenekoan jokatzen du. Igoera fasera multzo bakoitzeko lehenak sailkatzen dira, eta bigarren bukatzen duten bi talde onenak. Sei talde horien artean kanporaketa bat jokatuko dute, eta irabazle suertatzen diren hiru taldeak mailaz igoko dira.

Ortizek ez du uste liga irabazteko moduko taldea dutenik, eta haien buruari jarritako erronka bakarra «onenen artean egotea» da, eta «talde lehiakorra» dutela erakustea. «Gaur arte ondo ari zaizkigu gauzak ateratzen. Jendeak duen guztia ematen du, ilusio handia dute neskek. Taldekideak ere primeran konpontzen dira elkarrekin, eta horrek asko laguntzen du taldea izaten ari den emaitzetan». Ligan gol gutxien jaso duen taldea da –11 gol hamabi partidatan–, baina gol gutxienetakoa sartutakoa ere bai, 21. Datu horiek erakusten dute Estanda talde lehiakorra dela.

Ordiziako taldeak duen aurrekontuarekin, eta ikusita jokalariek ez dutela dirurik kobratzen, taldea egiten ari denari balioa eman behar zaiola iritzi dio entrenatzaileak. Iaz lau jokalarik utzi zuten taldea –Elena Paradelak, Itsaso Martinezek, Beatriz Barriolak eta Eider Goikoetxeak–, eta taldea indartzeko bi jokalari ekarri dituzte: Leti Diaz eta Oihana Balerdi. «Iaz utzi zutenek ezkondu egin direlako edo lan kontuengatik utzi zuten. Diaz galiziarra da, eta Burgosen bizi da, eta ahal duenean etortzen da, eta Balerdi Donostiakoa da, baina Bilboko talde batetik etorri zen honuntza, taldean dagoen giro onak erakarrita». Gaur egun 21 eta 28 urte bitarteko dozena bat neskek osatzen dute taldea.

Babesletza berritu behar
Beasaingo Estanda lantegiak babesten du taldea, baina aurten hitzarmena bukatuko zaie, eta babesletza berritu beharko dute. «Apirilean hitz egingo dugu horretaz. Hala ere, beste ate batzuk ere jo beharko ditugu, diru kontuekin juxtu baikabiltza». Eta mailaz igoko balira duten aurrekontua nahikoa zatekeen galdetuta, Ortizek ezezkoa dio. «Babesle indartsuagoa bat beharko genuke». Udaberrian ikusi beharko da hori. Bitartean lanean segitzea beste erremediorik ez dute.

Etiketak: , , ,

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Goierriko blogariak



Berriketan.info [RSS]

lasterketak



Gaiak

36ko gerra

etxebizitza

Bereziak

gazta

literatura

etxebizitza

etxebizitza