Mikel Saez de Urabain: «Bakarka eskalatzea asko gustatzen zait, sentsazio hobeak izaten ditut askotan»

Mikel Saez de Urabain.

Ordiziako Daltonak izeneko taldearen eskutik hasi zen eskalatzen Mikel Saez de Urabain (Ordizia, 1968). Ordiziako elizaren paretak izan zituen probaleku hasiera batean, gero Goierri inguruko eskalada guneak, handik Pirinioak, Alpeak… Gaur egun Euskal Herriko alpinistarik gorenenetakoa da, baina umiltasuna ikur hartuta. Barrena kultur etxean du saioa etzi, 19:30ean.

Alaskako (AEB) Mount Hunter mendian udaberrian egindako eskaladari buruz ariko zara etzi Ordiziako mendi astean. Zer erakutsiko duzu?
Diapositiba batzuk izango dira, nik ez dut muntaiarik egiten. Musika jarriko dut, eta argazkiei buruzko azalpenak emango ditut. Emanaldi bat egitean informazioa ematea gustatzen zait, transmisio hori egotea. Alaskan izan naiz, eta hara joateko zer eramatea komeni den, zer tramite egin behar diren, ingurua zer iruditu zaidan, zer sentsazio izan ditudan… Horri buruz ariko naiz.
Eta zer sentsazioa izan zenituen?
Alaskan eskalatzea oso berezia da. Artikotik oso gertu dago, isolatuta zaude. Hegazkin arin batek han uzten zaitu, alde egiten du, eta han gelditzen zara. Psikologikoki eragina du horrek, gogorra egiten da, inguruan ikusten den guztia elurra eta izotza baita. Gainera, elurrak bere arriskuak ditu, inguru guztia pitzaduraz josita dago, eta lotzen ez bazara ezin zara ibili. Gero elur ekaitzak daude, hotza… Bigarren aldia da haruntza joan naizela.
Igoera zer moduzkoa izan zen?
Mount Hunterreko ipar horma eskalatzea zen proiektua, Mont Flower izeneko espoloia, 1.600 metrokoa. Pareta oso-oso preziatua da, izotz eta harkaitz eskalada tartekatzen dena. Guk non-stop eran igo nahi genuen, baina azkenean ez ginen sartu.
Zergatik?
Ez zegoelako eskalada hori egiteko baldintza egokirik. Tenperatura altua zegoen, eta ez zuen merezi. Inguruan beste bide batzuk badaude, motzagoak, era klasikoan igotzekoak. Mini Mount Flower eta ondoko beste bat eskalatu genituen. McKinley mendiaren espoloia igotzeko aukera ere bagenuen, baina horretarako dena aldatu behar genuen, eta erabaki genuen pentsatuta generaman eskalada estiloarekin jarraitzea.
Hots handirik atera gabe ibiltzen den alpinista zara. Zer dela eta?
Hori kazetariei eta jendeari interesatzen ez zaielako izango da, nik ez baitaukat egiten dudanaren berri emateko inolako arazorik. Babesleen kontua izaten da askotan, haiek arduratzen baitira askotan informazioa emateaz. Mendia asko profesionalizatu da. Niri Jonatan Larrañagak proposatu zidan berarekin joateko. Mendi gidaria da, BAT Basque Teamen dago, eta babesleak ditu. Ni amateurra naiz, bere garaian bide hori hartu nuelako.
Noiz hartu zenuen ba erabaki hori?
Eskalatzen 25 urte inguru daramat. Ikasketak oso goiz utzi nituen, aitarekin lanean hasi eta hura ere utzi egin nuen mendian segitzeko. Mendiak berak ere zure lekuan jartzen zaitu. Akordatzen naiz zirrara handia eragin zidan lehen istripua Pepe Rayorena izan zela. Patagonian geunden, bakoitza bere paretean, eta bera han gelditu zen. Jota etorri nintzen, laguna nuen. Menditik bizitzeko energia asko behar da, eta horrelako gertaera batekin ukituta etortzen bazara, blokeatuta geratzen zara.
Zure bizimodua birplanteatu zenuen, beraz.
Hori 90eko hamarkadaren azkenean izango zen. Saiatu nintzen nire zortzi orduak sartu, eta mendia modu oso intentsoan bizitzen, baina oso nekagarria zen, oso urte gogorrak izan ziren niretzat. Garai hartan Euskal Mendizale Federazioko lehendakariorde ere izan nintzen Antxon Bandresekin, eta iritsi zen momentu bat ez nekiena zertan ari nintzen.
Hala ere, horrek ez zizun eragotzi mendian segitzea.
Ez, ez, baina beste modu batera.
Mendizale federazioak ere bitan saritu zaitu. Azkenekoan, behintzat, mendizale nekaezina izateagatik, eta oso zailak diren bideak irekitzeagatik saritu zintuzten.
Lehenengoa 2000. urtean izan zen, Hilamayako Kusun Kanguru ipar horma igotzeagatik non-stop eran, 6.500 metrora. Hori gaur egun izango balitz, sekulako oihartzuna izango zukeen. Bigarrena orain bi urte izan zen, Bisaurinen, Pirinioetan, Minoria absoluta bidea irekitzeagatik. Extremoduro taldearen disko batetik atera nuen izen hori.
Bakarka egin zenuen, gainera.
Asko gustatzen zait bakarka eskalatzea, askotan sentsazio hobeak izaten ditut. Gutxiengo eta gehiengoen artean bizi gara, eta azkenean, gu, alpinistok, gutxiengo bat gara, edo ni behintzat horrela sentitzen naiz, egiten dudan gauza askotan oso bakarrik ikusten dudalako nire burua.
Baina mendian egiten duzuna blog banatan biltzen duzu. Batean, hainbat igoeratako informazioa duzu sartua, eta bestean Aralarren egin daitezkeen eskaladei buruzkoa.
Niri beti gustatu izan zait eskaladari buruzko artikuluak idaztea, eta aldizkari espezializatuetan kaleratzeko adinako kalitaterik ez duten artikuluak blogetan sartzen ditut. Jende dezente sartzen da, eta animatu ere animatzen naute. Niretzako sekulako aurkikuntza izan zen blogena. Ekipatzen ditudan bideen, eta irekitzen ditudan bide berrien informazioa ematen dut blogetan, hori da nire ekarpena. non-stopeskaladabloga.blogspot.com da horietako baten helbidea, eta aralarreneskaladak.blogspot.com bestea.

Etiketak: , , , , ,

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Goierriko blogariak



Berriketan.info [RSS]

lasterketak



Gaiak

36ko gerra

etxebizitza

Bereziak

gazta

literatura

etxebizitza

etxebizitza